UPV/EHUko Uda Ikastaroetan zehar, urtero milaka hitzaldi ematen dira. Hauek, ahozko testu mul-tzoan sar daitezke, baina, ez al dira idatzizko testuak ere aurreko prestakuntza bat eskatzen dutelako? Honako hausnarketa Euskal Filologian Doktorea eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco katedrako kidearen, Inés García-Azkoagaren eskutik etorri zen, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Kluster Soziolinguistikoak antolatutako ‘Ahozkotasuna Eskolan’ ikastaroan.
Idazmena eta ahozkotasuna loturik daudela nabarmendu nahi izan zuen Garcia-Azkoagak. Izan ere, zioen “badira hainbat diskurtso ahoz esateko sortuak baina duten berezko euskarria idatzia dena”. Hitzaldiaren ildo berdina jarraitzen duten ahozko kutsuko generoak aipatu zituen, alegia, debateak, konta-saioak edota antzerkia.
Inés García-Azkoagak, Euskal Curriculuma aintzat hartuta, hezkuntzak aurkezten dituen erronkak aurkeztu zituen. Besteak beste, “nola uztartu gramatika eta ahozko testua” azpimarratu zuen. Bere esanetan, oinarrizkoena testu-sekuentziak eratzea eta aztertzea, gero eskolan aplikatzeko da.
Kike Amonarriz |
Mikele Aldasoro |
Topagunean aipagarri izandako beste erronka bat unibertsitateek eta ikastetxeek elkarren artean gehiago uztarturik egon beharko luketeela izan zen. Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko Karmele Pérezek eta Agurtzane Azpeitiak zer nolako ikerketa eta esperientzia martxan jarri dituzten erakutsi zuten, baieztapen hori bermatzearren: “Batetik, ezinbestekoa da uniber-tsitateak jakitea zer lantzen den eskolan, ikastetxea curriculumaren bitartekaria baita”. Beraiek egindako ikerketa unibertsitatetik dator, baina “eskoletara jaisten dena”. Gauzak horrela, 7 ikastetxetan, irakasleek ahozkotasuna lantzeko zein eredu testu lantzen eta ahozkotasuna nola ebaluatzen zuten aztertu zuten. Haiek ateratako ondorioetako bat irakasleek kontzientzia badutela ahozkoak ere aurretiko lan bat eskatzen duela izan zen. Beste ondorioetako bat oraindik gaur egun ahozko testuen idatzizko lanketa gutxi egiten dela izan zen.
Alde soziolinguistikoaz ere hitz egin zen ikastaroan zehar. Ikastolen Elkarteko Mikele Aldasoro EKI izeneko proiektuaz mintzatu zen, non Euskal Curriculumaren garapenerako ikastolek hautatu duten konpetentzietan oinarritutako hezkuntza-eredu pedagogikoa jarraitzen duten. “Ideia nagusia da ahozkotasuna lantzea hizkuntzaren izaera soziala aintzat hartuta”, baieztatu zuen. Euskara ardatz duen hizkuntzaren ikuspegi integratua eta integratzailea azter-tzea da proiektuaren helburua. Bere aburuz, “emozioek diskurtso baten arrakastan ere eragina dute”. Hori dela eta, idatzizkoa eta ahozkotasuna lantzean, alderdi kulturala eta psikologikoa ere ikustea defendatu zuen.
Honen ildoa jarraituz, ahozkotasuna eta euskararen erabilera ere izan ziren mintzagai ikastaroan. Modu honetan, Kike Amonarrizek, filologian lizentziaduna, soziolinguistikan aditua eta besteak beste, ‘Txiskola’ edota ‘Mihiluze’ programen aurkezleak, euskararen erabilerak aurkezten dituen oztopoak agertu nahi izan zituen. Esaterako, norbaitek euskaraz hitz egiteko beldurra izateak edota norbaiti gutxiesteak bere euskara desberdina izateagatik. Era berean, euskañola orokortzearen gainean hitz egin zuen: “Euskaraz hitz egitean gaztela-niazko hitzak sartzea modan dago. Yogur de fresa bat jan ez duenak altxa dezala eskua”. Bere aburuz, ez dago bakarrik eskolen esku ahozkotasuna lantzea, baizik eta gizarte osoaren erantzukizuna da: “Irakaskuntza, administrazio publikoak eta hedabideak elkarrekin lan egin behar dute erabilera dinamikak sustatzeko eta euskara erakargarri egiteko”.
Ekarrizketa Soziolinguistika Klusterreko Josune Zabalari: “Eskolak berak
idatzizkoari oraindik garrantzi handiagoa ematen dio”
idatzizkoari oraindik garrantzi handiagoa ematen dio”
Zer garrantzi du ahozkotasuna lantzeak eskolan?
Soziolinguistika Klusterraren ikuspegitik, hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegitik, ikusten dugu eskolan ahozkotasuna lan-tzea ezinbestekoa dela. Batetik, hezkuntza curriculumak ikasleek ahozko komunikazioan gai komunikatzeko edozein esparrutan eskatzen duelako eta bestetik, gu gizarte elebiduna garen neurrian, hizkuntzaren normalizazioa emateko, euskararen ahozkotasuna lantzea oinarri bat delako.
Gaur egun, zein neurritan aurkezten dira eskolan jendaurreko lanak, ahozko ebaluazioak eta abarrekoak?
Alde batetik, nabarmendu behar da testuliburuetan ahozko presentzia txikia dela. Eta testuliburuetan presentzia badu ere, irakaslea ez da jarduera horretaz baliatzen garrantzi gehiago ematen baitio gramatikari edo analisi sintaktikoari. Azkenean, batzuetan, ahozko ariketak jolas jarduera bezala geratzen dira. Gaur egun, eskolak berak idatzizkoari oraindik garrantzi handiagoa ematen dio. Era berean, gertatzen da irakasleak ahozkoa landu nahi duela, baina gero tresnak edota denbora falta zaizkiola. Ahozko ebaluazioei dagokienez, esan dezakegu kudeaketa emateko denbora asko eskatzen duen zerbait dela.
Tolosan, DBHn, 2011n, proiektu pilotu bat ezarri zenuten ikasleen ahozko hizkuntza hobetzeko, metodologia desberdinen bidez. Zein ondorio atera dituzue?
Material bat sortu dugu sekuentzia tipokoa deitzen duguna. Hiru eskolek parte hartu dute proiektuan: eskola batean, etxean erdaldunak ziren, beste batean, elebidunak, eta bestean, euskaldunak. Gure irudikapena zen soziolinguistiko inguru bakoitzean ahozkotasunaren garapena desberdina izango zela. Baina ondorioa izan da ingurune soziolinguistikoak ez duela harremanik eta ingurune erdaldunek ere ahozkotasuna landu ondoren garapen bera izan dutela ikasketa prozesuan. Akatsak berdinak izan dira kasu guztietan. Bestalde, ahozkotasunean trebatzeak denbora eskatzen duela ikusi da, prozesu luze bat dela. Era berean, ikusi da irakaslea formatu behar dela, ez dakiela nola irakatsi behar den; ez daukala denbora nahikorik horretarako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario