viernes, 7 de agosto de 2015

Hizkuntzak Bateratzen

Jean Conteh eta publikoa
Gaur egungo euskal eskoletan, batez beste %6ko ikasleak etorkinak dira eta era berean, gero eta garrantzi gehiago ematen zaio atzerriko hizkuntzak ikasteari. Gauzak horrela, eleaniztasuna nola kudeatu ikastetxeetan kezka nagusi batean bihurtu da hezkuntza alorrean eta baita ikastaro honen antolatzaileen artean.

UPV/EHUko Itziar Elorza irakasleak, Euskal Autonomia Erkidegoako (EAE) curriculuma hizkuntzen esparruan, azkeneko 25 urtetan egindako bidea deskribatu zuen gaur egungo nondik norakoak ezartzeko. Antzina, irakaskuntza hizkuntza eredua batez ere elebidun prozesuetan sarturik zegoela azaldu zuen. Hainbat datu bota zituen eskolen esfortzua hizkuntza elebidun eta euskalduntze prozesuen gainean. Besteak beste, 2013-14 ikasturtean Selektibitatea euskaraz %64,26k eta gaztelaniaz %35,64k egin zuela. “Eskolak bere lanak egin ditu euskara biziberritze prozesuan”, zioen. Elorzaren aburuz, gakoa “euskararen biziberritzea eta XXI. mendeko hizkuntzen superdibertsitatea uztartzean” dago ikasle bakoitzaren beharrei erantzunez.

Berritzegune Nagusiko Teresa Ruizek ere bide akademikoan oinarritu zuen bere hitzaldia. Piskanaka gauzak aldatzen nola joan diren hizkuntza trataera bateratuen bila azaldu zuen. Baieztapen hori Content and Language Integrated Learning (CLIL) kontzeptuaren gainean mintzatzean bermatu zen. CLIL sistema edukiak eta hizkuntzak integratzen duen ikasketa mota da, non Natura bezalako irakasgaiak Atzerriko Hizkuntzekin integratu daitezkeen. “Planteamendu hau Europatik ekarri zen, eta deborarekin, komunikazio garapena ematen hasi da hizkuntzen konpetentzian horri esker”, zioen. 
Testuinguru akademiko horretan, irakasle formatzailea den Diana Lindsay, Leeds-eko Unibertsitateko Jean Conteh, eta Amaia Urruzmendi, Iñigo Garcia, Mariasun Aramendi, Alazne Elorza, Hegoa Urraca eta Inge Arretxe irakasleek hainbat teknika eta praktika aurkeztu zituzten eleaniztasun hori kudeatzeko estrategiak proposatuz. Besteak beste, Gasteizko Luis Dorado eta Donostiako Aieteko eskolen proiektuen bidez, hizkuntzak integratzeko zein metodologiatan ari diren lanean azaltzeko parte hartu zuten.

Diana Lindsayk zenbait ariketa antolatu zituen parte-hartzaileen-tzat hizkuntza lanketa eta irakasgaien lanketa bateratzeko, alegia, planetak irakasteko teknikak ingelesa hizkuntza erabiliz. Bere iritziz, irakasle guztiek jakin beharko lukete hizkuntzak kudeatzen: “Hizkuntza bat garrantzitsua bada, irakasle guztiek, ez dio axola zein irakasgaitakoak, jakin behar dute hizkuntzen gain.

Bestalde, Jean Conteh irakasleak Language Scaffolding (Hizkuntza aldamiatu) teknikaren inguruan hitz egin zuen. Conteh-ek aditzera eman nahi zuena zen hasiera batean ulertu behar dela nola haur batek ikasten duen hizkuntza bat. Hori dela eta, eleaniztasuna beste ikuspuntu berritzaile batetik lantzea proposatu zuen, ‘translanguage’ kon-tzeptuaren bidez. Ideia honen arabera, “ez dira hizkuntzak banandu behar, hizkuntzen arteko joan-etorriak lagungarriak izan daitezkelako hizkuntzak irakasteko”. 


Hau azaltzeko, Galeseko ikasgeletan egiten den jarduera bat azaldu zuen. Teknika horren bitartez, bi hizkuntzak -galesa eta ingelesa- lantzen dira uneoro. Conteh-ren esanetan, “hizkuntza bat baino gehiago aldi berean lantzea onuragarria da ahulagoa den hizkuntzan konpetentziak hobetzeko ere”. 

UPV/EHU ko irakaslea den Itziar Elorzari elkarrizketa: “Ez dauka zentzurik Baionara joatea eta ingelesez komunikatzea” 


Euskal Curriculuma eleaniztasunaren inguruan mintzatzen da, baina CLIL eta Scaffolding-en aipamenak al daude? 
Curriculuma aintzat hartuta, bi metodologia hauek nahiko egokiak direla esango nuke, konpetentzi helburuetan oinarrituta baitaude. Gauza da zehaztasunetara iristea. Irakasleak edo eskolak nolakoak diren, zein kultura duten eta hezkuntza eredu berritzaileek zer eskatzen dutenen artean zulo handia dago, eta hori da ikastaroarekin bideratu nahi duguna. Eleaniztasunaz oso erraza da hitz egitea, baina gero gelan aniztasun handia dago, ikasle bakoitzak bere testuingurua du eta bere beharrak. 

Irakasleak formaturik al daude estrategia hauetan? 
Beti kexatzen gara ez gaudela eta beti egitekoak daudela, baina azken urte hauetan, ahalegin handiak egin dira prestakuntzan. Eskoletan kezka hori dagoenez, bideak eratzen ari dira estrategiak jorratzen. Irakasleek nahia eta interesa dute, eta era berean, saiakerak egiten dituzte. Haien ikuspegia askotan ezkorra da, baina profesional handiak ditugu.

Metodologia hauek presta-tzean, aniztasun hori gela berean egonda, nola egin aurre irakasle bakar batekin?
Azkenean, hori da helburua, irakasleak estrategia didaktiko batzuk izatea. Gauza hauek ez dira irakasle batek bere bidea eginez emateko, baizik eta hezkuntza komunitateak parte hartu behar du estrategia horiek eraikitzeko. Irakasleen artean eta eskola mailan, elkarlanak garrantzia dauka. Hori dela eta, hitz egiten dugu hizkuntza proiektuaren garrantziaz, elkarrekin helburuak ezarriz, eta testuingurua eta ikasle mota kontuan hartuz planifikatu. 


Pentsatu al da laugarren hizkuntza batean? 
Nire ustez, argi eta garbi dago herri honetan hiru hizkuntzekin ere ez dugula nahikoa; laugarrena behar dugu; frantsesa, adibidez.Euskal Herrian, euskaraz gain, bi hizkuntza nagusi ditugu, eta gure komunitate kultur honetan kohesio bat izan nahi badugu, bata bestearena ere ezagutu beharko dugu. Ez dauka zentzurik Baionara joatea eta ingelesez komunikatzea. Hor badago zeregina eta kontzientzia badago.Eleaniztasun eredua, Euskal Curriculum baten testuinguruan, lau hizkuntzatakoa izan beharko luke. Baina, bestalde, gero eta etorkin gehiago ere daude geletan. Horri nola erantzun? Bideak bilatu behar dira ume horien hizkuntzak gelan onartzeko, puntu aberasgarria izan daitekeelakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario