viernes, 7 de agosto de 2015

Gakoa Tradizioan dago

Ahozkotasuna ondo erabiltzen ikasteko, herri batek aintzinatik erabili izan dituen ahozko generoak eskoletara eramatea izan daiteke estrategia azpimarragarriena. Hori da UPV/EHUko Uda Ikastaro honetan erakutsi izan zena bertsolari, ipuinlari eta kantugileen bidez. 

Sarrera gisa, Ikastolen Elkarteko ahozkotasun adituak, Inma Muñoak, ahozkotasuna eta hezkuntza curriculuma aztertu zituen. Bere aburuz, ahozkotasuna eskolan barneraturik dagoen arren, “errealitatean ez dugu ikusten ikusi nahi genukeena”. Irakasle askorentzat hizkuntza erakustearen helburua hizkuntzaren gaineko ezagutza transmititzea dela eta horretarako gramatika eta literatura lantzen direla azaldu zuen: “Eskema honetan ahozkotasuna txertatzea oso zaila da, eta horrela ahozkoa idatziaren menpe geratzen da”. Muñoak, besteak beste, ikasleen oinarrizko konpetentziak garatzeko, hauei egoera errealetako jarduerak gelan ezarri behar zaizkiela proposatu zuen: “Errealitatea lantzen duten edukiak bizitzako egoerei aurre egiteko baliabideak dira eta ikasleak modu aktiboan inplika-tzen ditu”. Zentzu horretan, Muñoak kultura batek dituen tresna erreal horien erabilera ikastetxeetan erabiltzea sustatu beharko litzatekeela aditzera eman zuen. Era berean, “tresna horiek ezagutzak eraiki egiten dituztela” eta irakasleek “bidera-tzaile eta bidelagun bihurtzen direla” nabarmendu zuen. 
Marie Hirigoien

Baliabideen ildo hori jarraituz, Andoni Egaña bertsolaria bertsolaritza eskolan lantzearen gainean mintzatu zen. Hala ere, ahozkotasunari ere hitz ba-tzuk eskaini zizkion datorren belaunaldiek ahoz komunika-tzeko gero eta trebetasun gutxiago dutenaren joeraz atsekabetuz. Bere ustetan, ikasleei diskurtsoak eratzen irakatsi behar zaie desberdinak dituzten ariketak proposatuz: “Diskurtsoan intentzionalidade nabarmena dago, zerbait lortzeko hitz egiten baitugu; hori dela eta, xedeetan oinarritutako estrategia komunikatiboak landu behar dira”. 

Bertsolariek ere helburuetan oinarritutako kontakizunak botatzen dituztela esan zuen. Bertsogintza lantzearen garrantzia aipatu zuen bertsoak testuinguru eta emozioen inguruan eratzen direlako eta “erne eta buru-belarri egonez, bertsoak idatzi eta esateko gaitasuna pizten” delako. Memoria ere gara-tzeko eta ikasitako kontzeptuak ez ahazteko, bertsolaritza erreminta aproposa dela ziurtatu zuen. 

Memoriaren kontu hori kantugintzaren inguruan eta tradizioaren trasmisioaren gainean aritu zirenen artean ere aipatu zen. Itziar Irigoien, Marie Hirigoien eta Jaione Eskudero musikari eta kantariak, bigarren jardunaldiaren protagonistak izan ziren: “Errazagoa da kantu baten bidez ikasitako kontzeptua ikastea eta herri baten kultura transmititzea, irakurriz eta memoriz ikasiz baino”. 

Ipuingintzari dagokionez, ipuin kontalaria den Itziar Zubizarretak eskoletan ipuinekin jarduteak “sormena” garatzeko eta “hizkuntza batean ondo espresa-tzeko” tresna baliagarriak direla defendatu zuen. Horretarako, Zubizarretak hainbat teknika proposatu zituen gelan, hala nola, ipuin baten ikuspuntua aldatzearena. Modu honetan, ikastaroaren partehartzaileek Txano Gorritxuren ipuina narratzaile orojakiletik lehenengo pertsonara narratu behar zuten taldeka. “Estrategia horrekin haurrak aditza lantzen ari dira, baina era berean, ahozkoa, aldaketetan pentsatzen ari direlako, baita ahoz espresatzen ere”. 

Elkarrizketa Mintzola Fundazioko Karlos Aizpuruari: “Bertsolaritzan eta kantugintzan, baliabide asko daude sentimenduak eta pentsamenduak adierazteko”

Zein da ahozkotasuna hezkuntza arautuan lantzearen garrantzia?
Kontua da gazteek gero eta zailtasun gehiago dituztela esan nahi dutena adierazteko. Hori dela eta, tradizioan egoerak eta sentimenduak nola adierazi diren eskoletan ikustea egokia izango litzateke. Mintzola Fundazioan erreparatzen diogu bertsolaritzari, antzerkiari, kantagintzari eta ipuingintzari, horietan baliabide pila bat daudelako pentsamenduak, sentimenduak eta abar adierazteko. 


Mintzola Fundazioatik parte hartzen ari zarete Euskal Curriculumean bertsolaritza eta kantugintza lantzeko? 
Ez dugu indar berezirik egiten horretan. Baina oso kontziente gara bai kantugintzak, antzerkiak, ipuingintzak eta bertsolaritzak duten garrantziaz gure sentimenduak eta pentsamenduak adierazteko. Baina ez hori bakarrik, ongi pasatzeko eta komunitate sentitzeko ere. Horregatik, uste dugu hauek aztertu, hobetu eta gizarteratu behar direla. Hori erakutsi nahi dugu Fundazioatik. 

Zein puntutan dago gaur egungo hezkuntza arautuan ahozkotasuna?
Praktikan aski plan daudela dirudi. Baina entzunak entzun, esango nuke programa bete behar dela eta denbora gutxi dagoela. Azkenean ahozkotasuna beharreko goxotasunarekin ez da lantzen. Presaren presak normalean Iparraldean esaten den bezala ‘ongi eta laister ba usoak egan’. Hau da, ongi eta laister, oso gauza gutxi egin daitezke.

Zein onura ditu bertsolaritza eta kantugintza eskolan lantzeak? 
Hizkuntza lantzen da, irudimena lantzen da, jende aurrekotasuna lantzen da. Azken batean jende aurrean pentsatzen duzuna esatea ez da erraza. Bestalde, aukera ematen zaizu euskaraz bizitzeko, euskaraz sortzeko. Musika lantzen da ikaragarri. Bertsotarako 3.500 doinu baino gehiago ditugu eta hori ikaragarrizkoa da munduko beste kanpo inprobisatuekin alderatuta.  


Eta zer diozu euskal kulturaren transmisioari buruz?
Kultura ere transmititzeko baliabidea da, batez ere euskararena kultura minorizatu bat delako. Bi kultura handien itzalean bizi da, eta itsaso handi horretan, euskal kulturak baditu gauza ederrak erakusteko eta galdu behar ez direnak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario