viernes, 7 de agosto de 2015

Elkarlanaren onurak

“Garapenerako eta bizitzarako ikasi behar da, ez azterketak gainditzeko”. Hezkuntza Berriztapeneko Jose Antonio Pinedo izan zen lehenengoa parte hartzen Uda Ikastaro honetan eta hauek bere lehenengo hitzak. Paradigma hau hartuta, zenbait irakasle eta hezkuntzan aditu orain dela 5 bat urte elkartu ziren eskolan beste modu batean lan egiteko formulen bila. Beraiek, besteak beste, Estatu Batuetan 1990an Robert Slavinek eta Euskal Autonomia Erkidegoan Maite Garaigordobilek 2003an kooperatibismoaren inguruan egindako lanak aintzat hartuta, Ikasteko Kooperatu/Kooperatzen Ikasi (IK/KI) filosofia martxan ezarri zuten.  

Irungo Berritzeguneko Pedro Roak azpimarratu zuen kooperatibismoaren bidez “inklusioa, elkartasuna, desberdintasunenganako errespetua eta komunikazio gaitasun balioak indartzen” direla. Roaren esanetan, gaur egun dagoen sisteman “ez da aniztasuna aintzat hartzen”. “Ikasleek maila berean egoteak ez du esan nahi denok gauza bera dakitenik”, zioen. IK/KI egiturak irakasleek ikasleen atxikimendua gelan lor dezaketela eta ikasleek bere ikaskideei ere irakatsi diezaioketela nabarmendu zuen. 

Testuinguru horretan, ikastaroan zehar proposatutako IK/KI filosofia eskoletan ikasleak taldeetan jartzean du oinarri baina “jarduera kooperatiboan eraturik, ez jarduera indibidualistan edo lehiakorran”. Hori dela eta, IK/KI-k lan bat eskatzen duela atzetik adierazi zuen. Lan hau 3 eremuetan (A,B eta C eremuak deitzen diote) antolatuta dago: Taldearen kohesioan, Talde-lana irakasteko baliabideetan eta talde-lanean irakatsi beharreko edukietan. Ordiziako Berritzeguneko Xabier Lakunza izan zen Taldearen kohesioaren esparruaz aritu zena, Zarautzko berritzeguneko Jesús Mari de la Mota eta José Luis Alberdi, “B” ereduaz mintzatu ziren; eta Irungo Berritzeguneko Mª Victoria Fernándezek eta Lasarteko Berritzeguneko Jose Mº Arakamak, azkeneko eremuaren inguruan hitz egin zuten.
María Victoria Fernández

Lakunzak, “A” eremua azaltzean taldeak nola prestatu daitezkeen esan zuen “ezin baita ikasleak nahi duten moduan taldeak egitea utzi”. Aldez aurretik nolakoak diren ikasleak aztertu behar dela zioen. Horretarako gaur egun badirela diagnostikatze taulak eta dokumentuak baieztatu zuen. Lakunzaren iritziz, garrantzitsuena da talde-kontzientzia areagotzea eta haiek senti dezatela komunitate txiki bat direla. “B” eta “C” esparruen gainean, batez ere taldeka sor daitezkeen arazoak eta hauei aurre egiteko hainbat teknika eta galdera proposatu zituzten bai hizlariek baita publikoak ere. 

Kooperatibismoa bultzateko adibidez, irakasleen azalpenen ondoren edota azterketak baino lehenago 5 minutuko geldialdiak ezartzea gelan eta taldeka ikasleek zalantzen ingurunean hitz egitea, proposatu zen. Hizlariek, zenbait talde-lan planifikazio eta ebaluazio taula eta errubrika eman zizkioten parte-hartzaileei. Hauek diseinatutako taulan, ikasle bakoitzak zertara konprometitzen den jarri behar du eta sinatu, eta era berean hiru helburuen lorpenari buruz idatzi. Xedeak dira: ikaskuntzan aurrerapenak, elkarri lagundu izanak eta irakasleak proposatutako helburu espezifikoa. Ikasleek bete behar dute taula noizean behin beste ikasle eta irakasleen laguntzarekin. “Modu honetan taldekide sentitzen dira eta berenganako eta besteenganako ardura sustatzen da”, zioten. 

Ikastaroan parte hartutako hizlari ororen aburuz, “elkarlanean zoriontsuagoak gara”.

Irungo Berritzeguneko Pedro Roa-ri elkarrizketa


“Taldean funtziona-tzeko, taldeko kideek rol bat izan behar dute” 

Eskoletan zein erantzuna jasotzen ari da IK/KI formulak?
Gure ustez oso erantzun zabala jaso dute. Orain dela 6 urte hasi ginen Lasarte aldean eta gero Gipuzkoako beste leku askotan eta piskanaka Bizkaiako eta Arabako hainbatetan. Azkeneko 5 urte hauetan, gutxi gorabehera esango nuke 200 ikastetxe baino gehiagotan ari direla lanean irakasle batzuk. Ikastetxe osoei dagokionez, Gipuzkoan baditugu 50 baino gehiago horrelako zenbait proiektuetan sartuta. Gure ustez mugimendu sendoa da. Argi daukagu hau praktika behar duen zerbait dela eta denborarekin barneratzen dena. 

Aintzina ere taldeka egiten zen lan. Zer diferentzia dago taldeko lana IK-n? 
Lehenengo gauza da Ik-k 3 eremu hartzen dituela kontutan eta ideia nagusiena da A eremua landu behar dugula. Irakasleek Taldearen Kohesioa landu behar dutela. Hori lantzeko, taldeak ezin dira edonolakoak izan. Irakasleak beti esaten zuen, jarri taldeka zuen artean. Baina ez, irakasleak antolatu behar ditu taldeak eta dinamika batzuk eraman gelara giro ona egoteko. Beste puntu bat aintzat hartzekoa da, argi eduki behar direla funtzioak taldeka lan ari direnean. Talde bat funtzionatzeko, talde horretako kideek rol bat izan behar dute. Eta rol horiek irakasleak irakatsi behar ditu. Hori ere falta zen lehen. Gainera beste ideia bat da, hau guztia enfokatzen dela ez teknika bat bezela, baizik eta filosofia bat bezala non denok sinisten dugun inklusibitatean.

Beti gerta daiteke talde batean badagoela pertsona bat lan egin ez nahi duena. Zer estrategi erabili daitezke kasu horretan?
Magiarik ez dago baina dinamika bat izan daiteke denon artean lana hobeto egin daitekeela erakustea edota emaitza hobeagoak lortu daitezkeela bakarka baino. Arazoak dituzten pertsonekin aparteko lana egin beharko da. Anekdota gisa, irakasleren batek erabilitako estrategia izan da taldeka lan egin ez duen horri bakarrik lanean egiten jartzea. Denbora aurrera egin ahala, ikasle horrek taldeetan sartzeko eskatu zuen besteek hobe pasatzen ari zirela ikusi zuelako. Argi dago gizakiok behar dugula beste gizakion laguntasuna eta hurbiltasuna. 

Ze oztopo aurkitzen dituzue eskoletan IK ezartzeko? 
Oztopo nagusia praktika bizitzen hastea IK/KI-k denbora eskatzen duen prozesua delako. 3-4 urte behar dira programa sendotzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario